Ludotekak
Haurren garapenerako tresna nagusia jolasa da. Jolasean ikasten dute mundua ezagutzen, hitz egiten, jolasa bizitzarako entrenamendua da. Bere berdinekin jolastuz mugak ezarri eta gainditzen dituzte, errespetatzen ikasi eta arauak apurtzen ikasi ere, munduari neurria hartuz.
Ludoteka, beraz, gune garrantzitsua izan daiteke haurraren garapen osoa bultzatzeko, planteamendu egoki batetik abiatuz gero. Jolasen eta jostailuen gunea da Ludoteka, haurrentzako gunea, beren berdinekin aritzeko, heldua –ludotekaria- beti eskuragarri baina ez protagonista.
Nafarroako hainbat herri eta auzoetako ludotekak kudeatzen ditugu, ordutegi eta maiztasun ezberdinekin. Euskararen erabilera sustatzeko espazio honetako jardueraren ardatza jolasa da, berau garapenerako bitarteko bezala ulertuta,eta zenbaitetan familia eta lana uztartzeko bitartekoa bihur daiteke ere.
Gaur egun Xulapain (Juslapeña), Etxauri eta Goizuetako ludotekak kudeatzen ditugu.
Xulapain (Juslapeña)
Xulapaingo Udal Ludoteka bailarako 3 eta 12 urte bitarteko haurrentzat zuzenduta dago, D zein A ereduko haurrentzat hain zuzen ere.
Eskola oporretan zabalik dago, 9:00etatik 14:00etara.
Xulapaingo Ludoteka, espazio libre eta esperimentazio gune bat da. Honek, errespetuan oinarritutako harremanak eraikitzeko aukera ematen digu. Klima honetan oinarrituta, haurren autonomia sustatuko da, eta eguneroko gatazka txikien konponbideak bideratzen lagunduko dugu.
Goizueta
Goxali ludoteka, Goizuetako haur eta gazteei zuzendutako aisialdi gunea da. Jolaserako, harremanak eraikitzeko eta irakurketa eta etxeko lanak sustatzeko espazioa hain zuzen ere. Aisialdi aberasgarria, elkarreragin eta garatze prozesua sustatzen duen espazioa da Goxali.
Zerbitzua Ikasturtean zehar ematen da ,urritik maiatzera, eta astean bitan zabalik dago, astelehen eta ostiraletan 17:00etatik 19:00etara.
Etxauri
Etxauriko “Sagutxo Ludoteka” 3 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzenduta dago.
Erabiltzen dugun tresna nagusia jolasa da. Esperimentazioa eta sorkuntzarekin zerikusia duten ekintzak proposatzen dira, material desberdinez baliatuz, haurren irudimena eta sormena sustatzeko.
Jolas eta ekintza desberdinen bidez haurrak euskararen mundura hurbiltzea da helburu nagusienetariko bat. Horretarako, D ereduan matrikulatuak ez dauden haurrei espazio berezi bat eskaintzen diegu: “Solas Jolas” proiektua.
Ikasturtean zehar ematen den zerbitzua da, irailetik maiatzera, astelehen, astearte eta ostegunetan 17:30etatik 19:30etara.