Nortzuk gara

Dindaia Fundazioa 2004 urteko azaroan sortu zen. Hiru urte lehenago, hezkuntza arloan eta euskararen normalizazio arloan ziharduten zenbait lagunek euskarazko aisialdiko eskaintza kalitatezkoa eta hezitzailearen beharra ikusi zuten. Rikardo Ederrak erronkari heldu eta Dindaia Fundazioa sortzeko bideari ekin zion. Mota guztietako ekintzak burutzen ditu Dindaiak aisialdiaren arloan, aisialdia integralki garatzeko ekintzak, haurren garapen prozesua ahal den eta orekatuena izan dadin.

Psikologia eta arte ederretako  lizentziadunak, gizarte langileak, haur hezkuntzan eta lehen hezkuntzan diplomatuak eta helduen alfabetatze eta euskalduntzean aritutako pertsonez osatutako lan talde sendoa dugu.
Hamar urteko ibilbidea du dagoeneko Dindaia Fundazioak. Zoritxarrez bidean Rikardo Ederra galdu dugu, baina bere ideiak eta helburuak jarraitzeko konpromiso irmoa mantentzen dugu.

Dindaiaren jasotzaile nagusiak haurrak dira, nahiz eta gaztetxo eta helduentzat ekintzak antolatzen ditugun ere.

Aisiaren arloan gure programa nagusia Aixe-aisialdia da: D ereduko ikastetxeetan eskolaz kanpoko ekintzak kudeatzen ditugu, bi helbururekin: euskararen erabilpena sustatu eta aisialdiaren kalitatezko eskaintza bermatu. Oporretan Udalekuak eta Hiri Tailerrak antolatzen ditugu. Nafarroako zenbait herritan ludotekak kudeatzen ditugu, astean bi edo hiru orduz. Asteburutan tailerrak eta eta oporraldietan udaleku irekiak.

Bukatzeko, Dindaiak beste arlo batetan ere egiten du lan. 0-3 urte bitarteko (haur hezkuntzako lehen zikloko) haur eskolak kudeatzen ditu. Arlo honetan, haur eskolek dituzten helburu hezitzaileak alde batera utzi gabe, euskararen murgiltze ereduan laguntza eskaini nahi dugu.

Dindaia logo
Oianondoa 8, Behea - Berriozar - 948 266 240 | info@dindaia.eus
Diseinu eta garapena Tantatic